EUSKADI KOLONBIAn


ANA GARCIA


“...poliki-poliki, inurri-urratsen abiaduran, eguna argituz doa... hamaika leiho ditu leku honek, eta leiho horietan barrena begiratuko dut... hemengo lagunaren gutunak hangoentzat... Guk eta gure hitza entzuteko prest daudenek jakingo dute gure sekretua... ibilian-ibilian, Kolonbia ipar... ikusi gehiago.   


...
Bi ahizpetatik zaharrena nauzue... nahiko bohemioa, egia esan... zerbait egin nahi dut mundu zoro honetan bizi garen Adan eta Eva guztiok sortutako hondamendia konpontzeko... zoramen zentzuduneko emakumea naiz, erromero-eztiaren koloreko begiak ditut... haien bidez, zehaztasunez dakusat inguruan dudan oro... Ana dut izena...

...duela hogeita bi urte jaio nintzen, ardo-izena duen lurralde batean... Errioxan... nekazari-, artista-, eta ostalari-familia baten baitan sortua... gurasoei bizia zor diet, bai eta egun naizena ere...

...
Jira-biraka dabil erlojua, gero eta azkarrago... salto batean, Kolonbia...

...lurreko altxor... kolore epel eta ehundura garbiz jantzia... usain goxoa... fruta-zaporea... ahotsak... taupadak... entzuteak eta begiradak... biziak...

...leiho horretatik begiratuko dut... hara noa... haien eskutik ibiltzera... inurri urratsak emanez... abentura argitzen hasi da..."

Horiexek izan ziren bitakora birtualean jasotako lehen hitzak. Kolonbiara joateko irrika sumatzen dut hitz solte horietan. Proiektua mamitzen ari da. Ziur aski gure bizitzako udarik indargarrienetako bat izango dena prestatzen gabiltza. Hamaika itxaropen ditut buruan... ameskeria hutsak besterik ez... Nire buruaren onena eraman nahi diet eta, umiltasunez, nire esku dagoen guztia irakatsi nahi diot munduari... Gerta litekeenari aurre egiteko prestatzen ari gara, lan handia eginez, dedikazioz, eta ilusio handiz.

Hala ere, badakit nik ikasiko dudala gehien zuengandik...
Har ezazue besarkada handi bat.

...Ana García Echevarría... Bilbotik.

IMANOL PEREZ


Lehenik eta behin, nire burua aurkeztuko dut. Bizkaia erdian bizi den arabar barnerakoia nauzue. Neure desordenaren baitan ordena zorrotza dagoela deritzot. Argazkigintza eta mendia maite ditut ororen gain (biak aldi berean egin baditzaket, hobe)... Behatzen eta entzuten aditua naiz. Ez  dut hitz askorik egiten eta, zenbaitetan, idatzi egiten dut... esperientzia berriak maite ditut... baina ez naiz sekula etxetik atera denbora luzerako, are gutxiago, itsasoz bestalde joateko... ikusi gehiago

Kasualitateetan sinesten dudala aitortu beharra daukat. Une egokian leku egokitik igarotzearen ondorioz, esaterako, "Asomos, una mirada crítica a lo que somos" izeneko tailerraren berri izan nuen. Kasualitateak kasualitate, tailerra fakultatean bertan egingo zela jakin nuen, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Azkenean, uste baino interesgarriagoa izan zen tailerra... hainbeste non tailerra izan zenetik sei hilabete igaro ondoren, guztiz murgilduta bainago proiektuan... orain inoiz baino gehiago.  Aurrerago hitz egingo dut kasualitateei buruz...

Kasualitateei buruz aritzean azalduko dut, besteak beste, "Sobran palabras" izenaren zergatia... Irudi batek mila hitz baino gehiagoren balioa duela diote (hala izanez gero, ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat balioko duten mila irudik)... Gutxika-gutxika hasiko gara. Lehenengo irudian hitz gutxi batzuk jarriko ditut... gero eta hitz gutxiago erabiliko ditut, eta gero eta irudi gehiago jarriko. Azkenean, irudiek ez dute hitzen beharrik izango... Gainera, esaera zaharrak dioen bezala: "aditzaile onari, hitz gutxi". Ziur naiz aditzaile onek bisitatuko dutela blog hau... Horregatik, ziur naiz zuotakoren batek honezkero ondorioztatu duela, zeharka-meharka, hitz gutxiko pertsona naizela esan nahi dudala. Ez naiz gezurretan ari. Hasiera-hasieran esan dudan moduan, entzule profesionala naiz, ez besterik.