KOLONBIA EUSKADIn

ANGELA MARIA GAVIRIA




Gizarte-komunikatzaile horren ustez, sarean lan egitea oso garrantzitsua da gizarte-prozesuak indartzeko. Casanare-ko –Kolonbia ekialdeko lautadetan dagoen departamenduko– komunitate-irratien sarea eratzen laguntzen ari da gaur egun. Elkarlanaren bidez, komunitateei ikusarazi nahi zaie irrati-sareak gizartea eraikitzeko balio duten parte-hartze mekanismoak direla.  Irrati-sarearen proiektua egunero-egunero lantzen da. Casanare departamenduak bere burua berreskuratu nahi du, eta haren errealitatea islatzen du hizpide dugun irrati-sareak. Horrexegatik partekatu nahi izan dut zuekin.


NYRIA RAMIREZ


Komunitate-komunikazioaren arloan izandako bizipenaren ondorioz, Sipaz bakearen aldeko nazioarteko zerbitzuko kide bihurtu nintzen.  Prozesu horretan ezagutu nituen nire bizitzako maisuak. Komunikazioa giza eskubidetzat hartzearen aldeko borrokan arituak ziren proiektu horretan bidaide izan nituen pertsonak. Haien eskarmentuari esker, sare-lanaren garrantziaz jabetu nintzen. Eskema hutsetatik harago doa komunitate hartan gauzatzen duten sare-lana; eskualde hartan izan behar diren adiskidetasunekin eta senidetasunekin lotura handia baitu lan horrek. Halaxe hasi nintzen Montes de Maria komunikazio-taldearekin elkarlanean. Egun, esaterako, komunikazio-talde horretako La Memoria esatarien eskolako koordinatzaile-teknikari gisa dihardut. Gure herrialdeko gatazka armatuak erasandako 11 komunitaterekin egiten dugu lan. Hedabideetara ekarri nahi ditugu herritar horien sentipen eta bizipenak. Oroitzapen mingarriez, kultura-aberastasunaz eta, bereziki, bizitzari eusteko moduei buruz mintza daitezela nahi dugu. Montes de Maria eskualdean nabil gaur egun, Sucre departamenduan. Departamendu horretako Ovejas udalerrian ezagutu nuen, hain zuzen, Antonio Oviedo. San Francisco estereo komunitate-irratiko zuzendari eta irrati hartako kudeatzaileetako bat da Oviedo. Komunitateko hainbat prozesutako buru izan da irrati hori duela hamahiru urtetik. Haren lana nabarmentzekoa da, indarkeria latzaz inguraturik eta laguntzarik gabe aritu behar izan baita irratia. Euskadirekin, Euskadiko erakundeekin, elkarteekin, eta komunitateekin anaitzeko eta trukatzeko prozesuak pozez bete dit bihotza, jakin baitakit bakearen, garapenaren, edo gizarte-aldaketaren aldeko komunikazioaren alorrean erantzun berriak sortuko direla. Lan egiteaz gain, atsegin dut, baita ere, dantzatzea, besteek kontatzen dizkidaten istorioei entzutea, eta besarkadak hartzea –euri-aroan, bereziki– ...